Erabateko aldaketa
Hogeita hamar urte zituela, gurutzean jositako Kristoren bost ikustaldi izan zituen oso egun gutxiren barruan. Orduan erabateko aldaketa gauzatzea erabaki zuen. 1262an bizimodu mundutarra eta familia utzi zituen, ikasketari, izpiritualtasunari eta predikatzeari sutsuki lotzeko. Hiru helburu ezarri zizkion bere buruari: «fedegabeak» kristautasunera erakartzea, liburuak idaztea eta aita santuen eta erregeen babesa lortzea. 1265ean, Rocamadoureko monasteriora eta Compostelako Santiagora erromes joan ondoren, bederatzi urte iraungo zuen prestakuntza intelektuala eta hizkuntzei loturikoa hasi zuen Mallorcan (1274 arte). Bere iritziz fedegabeak zirenak kristautasunera erakartzeko asmoz arabiera ikasi zuen, bere buruaz beste egin zuen esklabo arabiar batek irakatsita.