Ramon Llull: literatur lanak

Ramón Llullen Blanquerna lanaren (1283-1285) hitzaurrea. Edizio hori Joan Joffrek argitaratu zuen Valentzian 1521ean. Photoaisa.
Llibre de la contemplació de Déu (‘Jainkoagan kontenplazioaren liburua’) lanaren XV. mendeko edizio baten lehen orria. Ramón Llullek 1271 eta 1274 artean idatzi zuen lan hori. Iberfoto. Photoaisa.
Libre del Orde de Cavaylería (‘Zalduneria Ordenaren Liburua’) lanaren hitzaurrearen hasierako orria. XV. mendeko eskuizkribu faksimila. Iberfoto. Photoaisa.
Ramón Llullen De Laudibus Beatissimae Virginis Mariae kodizearen azala. Gui Marchandek 1499an Parisen argitaratutako edizioa. Miniatura. Bartzelona. Kataluniako liburutegia. M.C.Esteban/Iberfoto. Photoaisa.

Ramon Llullek idatzitako 265 izenburu zenbatu dira, baina haietatik jatorrizko 30 kodize baino ez dira kontserbatzen. Hona bere lan nagusietako batzuk, ordena kronologikoan:

  1. Ars compendiosa inveniendi veritatem (1274). ‘Egia aurkitzeko arte laburtua’. Artearen lehen bertsioa, Randa mendian bizitako argialdian inspiratutakoa eta Realeko monasterioan idatzia.
  2. Llibre de contemplació en Déu (1273-1274). ‘Jainkoagan kontenplazioaren liburua’. Bere lehen liburua. Zenbaiten hitzetan, «Jainkoaren eta naturaren entziklopedia sistematikoa» eta «katedral bibliografikoa» da, bere anbizio kontzeptuala eta hedadura ikaragarria (bertsio laburrenak mila orrialde baino gehiago ditu) direla eta. Errukirako deia da, Llull konbertitu berria zen bere bekatuengatik negar egiten zuen.
  3. Llibre del Gentil e dels tres savis (1274-1276). ‘Jentilaren eta hiru jakintsuen liburua’. Jainkoa ezagutzen ez duen jentil baten, judu baten, musulman baten eta kristau baten artean erlijioaren inguruko eztabaida da. Llullek erlijio islamiarraren eta juduaren ezagutza handia erakusten du. Fikzioak, konbinazio binarioetan oinarrituriko eztabaida sutsua eta dotorea erakusten du.
  4. Llibre de l’orde de cavalleria (1274-1276). ‘Zalditeria ordenaren liburua’. Armetako jardunarekin zerikusia duten balore moralei eta erlijiozkoei buruzko tratatua.
  5. Doctrina pueril (1274-1276). ‘Haurrentzako Dotrina’. Katixima didaktikoa, publiko laikoari zuzendua.
  6. Llibre d’Evast e Blanquerna (1283). ‘Esvasten eta Blanquernaren liburua’. Gehien bat Blanquerna izenez ezagututako Ramon Llullen eleberri handia da, Montpellierren idatzitakoa. Blanquerna fraide gazte protagonistaren izena da, Esvasten semea. Familia utzi eta perfekzio izpirituala bilatzeko bidean zenbait proba gaindituko ditu. Ibilbide horretan abadearengana eta aita santuarengana iritsiko da eta erabaki handiak hartuko ditu, beti ere era «zuzenean». Bere barnean Llibre d’Amic e Amat eta Art de contemplació lanak jasotzen ditu eta Miramarren izandako bizipen izpiritualaren ondorioa da.
  7. Llibre d’Amic e Amat (1283). ‘Lagunaren eta Maitearen Liburua’. Literatura mistikoaren harri bitxia da eta Blanquera fraidearen bizipen kontenplatiboa erakusten du. Tradizio sufi musulmana aipatzen du sotilki.
  8. Art demostrativa (1283). ‘Arte erakuslea’. Montpellierren egina, 1274an idatzitako Artearen bigarren bertsioa da. Irudiak eta Alfabetoa biltzen ditu. Horiek Artearen osaketaren egitura erakusten dute eta mekanismo konbinatorioen eta kalkuluen erabilera errazten dute.
  9. Llibre de meravelles (1287-1289). ‘Harriduren liburua’. Felix izenez ere ezagutzen da. Liburua oso nobela didaktiko eta anbiziotsua da, eta Parisen lehen aldiz egon zenean idatzi zuen. Felix protagonista garaiko errealitatea harriduraz ikusten duen erromesa da (erdi aroko katalanez meravellat hitzak ‘harrituta dagoena’ esan nahi du). Narrazioa eta elkarrizketa didaktikoak konbinatzen ditu. Llibre de les bèsties ere bere barnean dago.
  10. Llibre de les bèsties (1288-1289). ‘Piztien liburua’. Llibre de meravelles lanaren barruan, zoologia tratatuari dagokion lekua hartzen du, baina alegia forma duen politikari eta ustelkeriari buruzko gogoeta da. Renard (azeria) pertsonaiaren bidez, Llullek giza egoeraren alderdi ilunetako batzuk erakusten ditu.
  11. Taula general (1293-1294) ‘Taula orokorra’. Artearen bertsio berria, Tunis eta Napoles artean idatzitakoa.
  12. Desconhort (1295 – 1305?). ‘Deskontsolamendua’. Ramonen (hau da, egilearen) eta bere ideien alde ez dagoen ermitauaren arteko eztabaida landua da. Artearen alde hogeita hamar urtez borrokatu ondoren duen deskontsolamendua adierazten du liburuan. Poema honetan trobalarien poesiari dagozkion errekurtsoak erabiltzen ditu.
  13. Arbre de ciència (1295-1296). ‘Zientziaren arbola’. Erroman idatzia, entziklopedia erako Artearen bertsioa da batez ere, unibertsitatekoak ez diren irakurleei zuzendua. Ez da erdi aroko estiloa jarraitzen duen katalogoa, zientzia guztien arteko artikulazioa baizik, zuhaitzezko hamasei sinboloen bitartez (sinbolo bakoitzak atal bat hartzen du) Artearen printzipioetan oinarrituta. Arte luliarraren aldaera ederrena eta osoena dela esaten da.
  14. Arbre exemplifical (1295-1296). ‘Arbola eredugarria’. Arbre de ciència laneko hamabosgarren arbola edo atala da. Lehengo hamalau arbolen adibideak eskaintzen ditu, eta badu ikuspegi literario, didaktiko eta jostagarria.
  15. Cant de Ramon (1300). ‘Ramonen kantua’. Bertsoz idatzitako autobiografia da, Mallorcan egina, irakurlearen konplizitatea bilatzen duena. Trobalarien poesia gogoratzen duen poema honetan, bere egitasmoaren arrakasta eskasaz kexatzen da oso pasarte hunkigarrietan.
  16. Retòrica nova (1301). ‘Erretorika berria’. Hitzaldiak emateko aholkuak eta arauak biltzen ditu.  Lau elementu ezinbestekoak omen dira: ordena, edertasuna, zientzia eta karitatea. Llull erretorikaren indarraz ohartzen da eta berriro formulatzen du.
  17. Lògica nova (1303). ‘Logica berria’. Genovan idatzitako lana. Berria izena hartzen du Artean oinarritzen delako eta lengoaiari ez ezik errealitatearen kontzepzioari ere arauak ezartzen dizkiolako.
  18. Liber de fine (1305). Berez, Liber de maiore fine intellectus amoris et honoris (‘Adimenaren helburu nagusiari buruzko liburua: amodioa eta ohorea’) du izena. Lan politikorik garrantzizkoena da, Montpellierren idatzia. «fedegabeen» aurreko predikuaz eta Lurralde Santura egin beharreko gurutzadaz ari da eta egitasmo geo-estrategikoa zehazten du. Hierarkia eta ibilbidea bezalako xehetasunak ere ematen ditu.
  19. Art breu (1308). ‘Arte laburra’. Pisan egindako lan hori Artea errazteko xedez gauzatu zuen eta, beraz, Artearen bertsiorik ezagunena eta irakurriena da. Irudiak eta Alfabetoa ere jasotzen ditu.
  20. Vita coetanea (1311). ‘Bizitza garaikidea’. Vauverteko kartuxako fraide bati diktaturiko autobiografia. Bere bizitzaren xehetasun asko ditu. Erdi aroko biografia onenetakoa da.
  21. Fantàstic (1313). ‘Fantastikoa’. Paristik Viennerako bidaian, kontziliora zihoalarik, idatzitako lan laburra da. Pere eliz gizonaren eta Ramonen arteko elkarrizketa antzua aurkezten digu. Bere burua honela definitzen du: fantàstic (‘fantastikoa’) alegia garaiko terminologia katalaneko boig (‘eroa’, fantasiaz betea).
  22. Art abreujada de predicació (1312-1313). ‘Predikuaren arte laburtua’. Mallorcan izandako egonaldi batean idatzitakoa. Sermoi bilduma da eta predikuari buruz zuen kontzeptua erakusten du, Erdi Aroko komunikazio tresnarik garrantzizkoena baitzen.
 

Ramon Llullen aipamenen

 
«Gizon haserrekorrarekin, hobe isiltzea, hitz egitea baino»
 

Ramon Llull mezuak

 
Ramon Llull katalan literarioaren sortzaile nagusitzat hartzen da.
 

Azken sorkuntzak