Ramon Llull, pertsonaia
Ramon Llull (Raimundo Lulio) 1232 edo 1233an jaio zen Ciutat de Mallorcan (Palmak Erdi Aroan katalanez izan zuen izena), Jaime I erregeak irlaren konkista katalan-aragoarra burutu (1229) eta urte gutxitara. Llull pentsalari ausarta, mistiko sutsua, eta ezagutzaren zenbait arlotan aitzindaria izan zen. Mediterraneoan zehar bidaiatu zuen, erregeen laguntzaren bila, «fedegabeak» kristautasunera ekartzeko. Bere arma nagusia Ars (‘Arte’) delakoa zen, eztabaidan oinarrituriko bide filosofikoa, ustez hutsezina zena. Katalanez, latinez eta arabieraz idatzi zuen. 1316an hil zen, dezepzionaturik, laurogei urte baino gehiago izaki, itsasontzian, Tunistik itzultzean, bertara musulmanekin eztabaidatzera joan baitzen. Ramon Llullen figura handiagotu egin da mendeak igaro ahala.