Mallorca
Sant Francesc basilika (Palman)
RAMON LLULL SANT FRANCESC BASILIKAN
Basilikaren burualdeko kapera batean Ramon Llullen hilobia ikus dezakegu. Gaston Vuillerek dioenez, Llullen gorpua bertan dago fraide frantziskotarrek beren komenturako eskatu zutelako, Llull ordena horri loturik egon zelako. Izan ere, lehen asmoa, ondoko Santa Eulàlia elizan hilobiratzea zen, bertan baitzeuden bere gurasoak eta ahaideak.
DESKRIBAPENA
Komentu hori 1281ean eraiki zuten fraide frantziskotarrek gaur dagoen lekuan. XIX mendetik aurrera, kartzela, militarren kuartel eta entzutegi izan zen. 1906an, bertan finkatu ziren Hirugarren Ordena Erregularreko frantziskotarrak. Komentuko eliza, gotikoa da (1281-1384), Palmako garrantzizkoetarikoa. Komentuko klaustro egitura ere gotikoa da (XIV-XV. mendeetakoa) eta oso ederra, gainera. Elizaren aurrealdea XVII. mendekoa da (1618-1700) eta Mallorcako barrokoaren gailurra den atari ikusgarria erakusten du.
Ramon Llullen hilobia, alabastroz egindakoa, 1487an zitzelkaturiko Francesc Sagreraren lana da. Sarkofagoak beatoaren irudi etzana erakusten du, bi aingurekin. Beheko zatian, zazpi tarte huts ikusten dira, habeen artean, zazpi arte luliarren irudi alegorikoak jasotzeko eginak.
ONDARE AINTZATESPENA
Monumentu historiko artistikoa.